XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Sabrina

- Ikusi al huen Sabrina?

- Sabrina ikusi?

Horixe izan zen orain pare bat asteko galdera.

Nere lerdoan Joaquín Sabinak ikusteko gutxi eta entzuteko asko zuela pentsatu nuen harik eta norbaitek asuntoa argitu zidan artean.

Sabrina 18 urtetako napolitana da.

Begi argiak, urdin-arreak esango nuke, ezer ez esatea da eta, ahoa, luzea baino borobilagoa, arrainen modukoa, martxa handia, musika diskotekeroa...

Lehenengo bistazoan ez zara horrelako huskeriatan erreparatuko ordea.

Begiak beste zerbaitek erakarriko dizkizu.

Sabrinaren ondasunak hitz bakarrean azaltzen zaila da, edo zail egiten zait behintzat.

Euskal literatura erotikoaren murritzagatik izan daiteke.

Gazteleraz bai, gazteleraz, emakumeen bularrak definitzeko hitz asko erabiltzen dituzte.

Pecho rotundo, generoso pecho, tetamen desmesurado, inhiesto par de... etabar.

Euskarara itzulgaitzak egiten zaizkigu.

Rotundo borobila da, baina horrek ez du ezer zehazten.

Generoso pecho bular esku-zabala ipintzea katxondeoa litzateke.

Desmedido neurriz kanpokoa itzultzea gauza bera.

Enhiesto berriz, zutunik jarri behar genuke, eta barkatu baina zutunik hitzak lehendakariak Gernikako Arbolaren aurrean egiten duen juramentua ekartzen dit burura eta hitz bera ez litzateke titi kontuetarako erabili behar.

Euskaraz horiek definitzeko era bakarra hauxe litzateke: eaaaarra parea!

a norberaren txunditze mailaren arabera nahi adina luzatuz.

Sabrina gizonon mintzagai izan da azken asteotan, baina ez pentsa emakumeak atzera geratu direnik.

Gehienentzat pozgarri gertatu da Sabrina.

Telebistan azaldu zenean, bular txikidun emakumeek a zer pasada! Horrelakoak eduki baino nahiago...! pentsatu, eta beren burua gehiago estimatu zuten.

Ez handi, ez txiki dituztenek nora doa behi hori? Ni bai, banago ondo pentsatu eta lehengo usteak finkatu zituzten.

Handiak dituztenek ostera, horrelakook dugu gizonekin arrakasta sinistu, eta denak pozik.

Pentsatzen jarri naiz, eta ez dakit normala den ala ez, ez dakit ondo ala gaizki dagoen emakume baten aurrekaldeaz hainbeste jardutea.

Izan daiteke pekatu, izan daiteke jokabide matxista, izan daiteke erreprimituen seinale.

Nolanahi ere, pekatari, matxista eta/edo erreprimitu pila bat bagarela ohartu naiz.

Horrek beti pozten du bat.

Andoni EGAÑA.